2022-2023 ikasturtean sindikatu guztiek aldarrikapen taula bat adostu genuen eta negoziazioa behartzeko grebara joan ginen. Baina Gobernua eta parlamentua momentu hartan deseginda egoteak balio izan zion Hezkuntza Departamentuari mugimendurik ez egiteko.
Aurtengo ikasturtean, hauteskundeak pasata, Hezkuntzako organigraman ez da aldaketarik egon eta Gimeno mantendu dute bertako buru, nahiz eta hainbat sindikatuk kontseilaritza aldatzeko eskatu genuen. Ikasturte hasieratik negoziazio bati ekin nahian ibili garen arren, urtarrilaren 22 arte ez zen etorri Gimeno Mahai Sektorial batera. Orduan negoziatzeko “prestasuna” hitzez adierazi zuen, beti ere, gastu ekonomikorik suposatzen ez zuten hobekuntzak baziren.
Kontseilariak gure eskaerak zehatz mehatz azaltzeko eskaera egin zigun eta hala osatu genuen aldarrikapen taula bat sindikatu guztion artean. Tartean, inorentzat berriak ez diren aldarrikapenak zehaztuz: erosahalmena berreskuratzea, lan zama murriztea, ratioen jaitsiera eta interinitatea jaistea, besteak beste.
Bi hilabete pasata, martxoaren 22an, deitu gintuzten hurrengo eta azken Mahai Sektorialera. Gimeno ez zen etorri eta beste ordezkaritza bat bidali zuen. Beste behin ere dirua aitzakitzat erabili eta esku hutsik atera ginen bilera hartatik. Hitz asko, beste hainbeste aitzaki, eta hobekuntzarik ez.
Dirurik ez omen dago Hezkuntzarako. Kalitatea hobetzeko inbertsioak planteatu beharrean egindako aldarrikapenen inguruan hitz egiteko lan talde batzuk sortzea proposatu digute. Lehendik ere badugu esperientzia horrelako lan taldeetan eta ez dugu itxaropen handirik, negoziazioa atzeratzeko estrategia bezala erabili baitute aurrekoetan.
Ia ikasturte osoa daramagu hezkuntzan ditugun gabeziak zuzendu nahian eta badirudi Departamentuak beste alde batera begira jarraitu nahi duela, arazoa sindikatuona balitz bezala.
Ustez, helburu beraren alde, hezkuntzaren kalitatea hobetzearen alde, lanean ari gara bai sindikatuak bai Hezkuntza Departamentua, baina errealitatea oso bestelakoa da. Zergatik horrenbesteko erresistentzia gurekin mahai batean eseri eta hezkuntza komunitateak dituen zailtasunak modu bateratuan negoziatzeko?
Hau guztia kontuan hartuta, eta Departamentutik datorren jarrera geldoa ikusita, gaur hemen bildu garen sindikatuok mobilizazio dinamika bati hasiera emango diogu. Hemendik ikasturte bukaerara asanbladak egiten jarraituko dugu, baina ez hori bakarrik, bestelako mobilizazioei ere ekingo diegu, eta tentsioa areagotuz joango gara.
Horrez gain, hobekuntzarik eman ezean argi dugu datorren ikasturte hasiera ez dela ohikoa izanen eta hainbat eguneko grebak deituko ditugu. Nekatuta gaude ikusezinak izateaz. Irakasleon ordua iritsi da.
Leave A Comment