KRISTAU ESKOLAK ETA AICE-IZEAK NEGOZIAZIO MAHAIRA EKARRI DUTEN SOLDATA-TAULAK ETA LANALDI MURRIZKETAK APLIKATZEKO PROPOSAMENAK EZ DU AKORDIOAREKIN BAT EGITEN

Atzo, apirilaren 10ean, Bilboko LHKn Negoziazioa Mahaia izan genuen hitzarmena berritzeko asmoz. Hala ere, patronalek ez zuten aurreko Mahaian hartutako konpromiso bete, hitzarmenaren testuaren zirriborroa ekarri ez baitzuten. Beraz, ezin izan genuen aurrera egin lan horretan.

Bestalde, soldata-taula berriak eta lanaldi murrizketak ikasturte honetan aplikatzeko proposamena ekartzeko exijitu genien STEILASetik patronalei aurreko bileran eta hala egin zuten. Baina, alde batetik, patronalek aurkeztutako tauletan akordioan sinatutako igoerak ez zeuden ondo aplikatuta eta Hezkuntza Saileko finantziazioara lotu nahian, berriro ere. Bestetik, ikasturte honetarako proposatutako lanaldi murrizketak eskasak ziren, akordioan sinatutakoa errespetatu gabe.

STEILASek eta gainontzeko sindikatuek ez genituen proposamenak onartu. Gauzak horrela, eta hitzarmenaren testua ixten dugun bitartean, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei datorren bileran, apirilaren 17an, akordioarekin bat egingo lukeen beste proposamen bat ekartzeko eskatu genien. Lansariak eta greba bukaerako akordioko beste edukiak ikasturte honetan lehenbailehen aplikatzea ahalbideratuko lukeena, hain zuzen ere.

Bukatzeko, greba bukaerako akordioko konpromisoei eutsiz, Eusko Jaurlaritzari enplegua mantentzeko eta plantilak gazteberritzeko 2020ko urtarrilean sinatu zen akordioa indarberritzeko asmoz bilera eskaera gauzatzeko eskaera sinatu genuen sindikatuok eta patronalek. Aste honetan bertan Hezkuntza Sailari helaraziko diogu bilera eskaera hori.

STEILASetik hitzarmena berritzeko garapena arina izan dadin Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalen patxada eta utzikeria salatzen dugu. Berriro ere, zintzotasunez jokatzeko eta prozesua gehiago ez atzeratzeko eskatzen diegu.

Jakinaren gainean izango zaituztegu.