KEk uko egin dio otsailaren 5ean sinatu zuen greba-amaierako akordioa aplikatzeari.
KEk aurreko bilera aldebakarrez bertan behera utzi zuen, eta gaur, apirilaren 26an, Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako Negoziazio Mahaian akats larria egin du berriro ere. Arduragabekeriaz jokatu du soldata-taulak eguneratzeari uko egin baitio. Gainera, hitzarmen-proposamenean ez du txertatu 25-26 ikasturtetik aurrerako eskola-ordu murrizketa, ezta birkokapenari buruzko adostasun berriak.
Soldatak finantzaketarekin lotu nahi ditu berriro, akordioa bete-betan urratuz eta bere aplikazioa blokeatuz. Akordio bat sinatu genuen, eta berriro ere urruntzen gaituzten oztopoak erdigunean jarri dituzte, sinatutako akordioko edukiak sendotu eta aplikatzen hasi beharrean. Patronalek joko-arauak goitik behera aldatu nahi dituzte eta hori ez dugu inolaz ere onartuko.
Gaurko Negoziazio Mahaian ezin izan dugu aurrera egin patronalen blokeoa dela eta. Data bat itxi dugu hurrengo bilerarako, maiatzaren 8rako. Bilera horri begira, STEILASek eta gainontzeko sindikatuek konpromisoa exijitu diegu patronalei akordioan sinatutako funtsezko 3 puntu inguruan:
1.- Soldata-taula aurkeztea, sinatutako ehunekoekin, edozein kanpoko faktoreri lotu gabe eta aplikazio-data zehatzarekin.
2.- Hitzarmen-proposamenean 25-26 ikasturtetik aurrerako eskola-ordu murrizketa txertatzea.
3.- Birkokatze-araudian greba-amaierako akordioan sinatutakoa aplikatzea.
Aurrera begira, STEILASek ezin du momentu honetan baztertu edozein ekintza patronalek langileei hainbeste esfortzu kostatu zitzaien akordioa ez aplikatzen tematuta jarraitzen badute.
STEILASetik batasun sindikalaren garrantzia ere azpimarratu nahi du patronalen arduragabkeriei eta blokeoari erantzuterakoan.
Jakinaren gainean izango zaituztegu.
Leave A Comment