STEILASek Eusko Jaurlaritzak “eskola inklusiboa” HELa tramitatzea baztertu izana salatzen du.

STEILASek, berriro ere salatu nahi du EAJk eta PSEk bazterkeria eta segregazioa mantentzen jarraitzen dutela hezkuntza sistema pribatizatuaren bidez.

PSE-k, berriro ere, eskola publikoarekin hartutako konpromisuak baztertu, eta 17.000 sinadura jaso dituen HEL (Herri Ekimen Legegilea) alboratu nahi du. HELk eskola publikoaren alde eta bazterkeriaren aurka ari garen eragile guztien atxikimendua dauka.

Harrigarriak dira gobernuko kideek HEL bertan behera uzteko aipatutako arrazoiak: Lehenengoa, inork ezagutzen ez duen balizko Legea da, bertan jasoko omen baitira inklusibitatea eta elkarbizitza sustatzeko neurriak. Balizko lege honetaz ezer gutxi dakigun arren, jakin badakigu segregazioa indatzeko sistema indartuko dela, eta eskola publikoa bigarren maila batean geratuko dela.

PSEk emandako bigarren arrazoia sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sinatutako akordioari dagokio. Harrigarria da gobernua osatzen duen alderdi batek hau adieraztea: “Sinatutako akordioak jasotzen dituen xede hauek Gobernua lantzen ari den

Hezkuntza Lege Egitasmoan jasoko dira”. Lorturiko lan-akordioak eta Legegintzako Herri Ekimenak (LHE) ez dute zer ikusirik. Lan akordioari

esker, beharrizan gehiago dituzten ikastetxe publikoek baliabide gehiago izango dituzte, eta LHEk defendatzen duena zera da: diru publikoz lagundutako ikastetxe pribatu itunduek inklusio-indize bat bete beharko dutela diru-laguntza publikoak jasotzen jarraitu nahi badute.

STEILASen iritziz, EAJk eta PSEk emandako arrazoiak aitzakiak baino ez dira kohesio sozialik bermatzen ez duen hezkuntza sistema pribatizatu eta segregatzailea mantentzeko.