Orduerdiko eta 3 orduko lanuzteen ondoren, abenduaren 19rako STEILAS eta ELA sindikatuek deituriko egun osoko grebak jarraipen zabala izan du eta konponbiderik ezean greba eta mobilizazioak areagotuko dituzte.

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileak urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean: ez dute lanpostu zerrendarik, %100 behinbehinekoak dira, ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez, Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, 2 kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab.

Urteetan zehar izan duten ziurgabetasuna izugarria izan da eta baldintza hobeak dituen beste lanpostu bat bilatzea bultzatu ditu; azken urte erdian, bataz beste, 25 langileetatik 16 langilek bere lanpostua utzi dute Haurreskolak Partzuergoan, langilegoaren %64ak. Kopuru hau izugarria da!

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne- promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen.

Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia 9 hilabete pasa direnean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute, inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu gabe oraindik.

Egoera honen aurrean, STEILAS eta ELA sindikatuek Kudeaketa langileen aldarrikapenak babestu, eta pasa den abenduaren 4an mobilizazioekin hasi ginen, %75etik gorako jarraipena izan zuen ordu erdiko lanuzte bat eginez. Abenduaren 11n jarraipen bera izan zuen 3 orduko lanuztea egin genuen eta gaur jarraipen zabala izan duen egun osoko lehen greba eguna burutu dugu, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari lan baldintza duinak exijitzeko.

Honakoak dira kudeaketa langileen aldarrikapenak:

• Lanpostu zerrenda duina osatu.
• Kategoria eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatu.
• Ordezkoen araudi propioa sortu.
• Gaur egungo langileak finkatzeko LEP prozesua garatu.

Mobilizazio, lanuzte eta greba deialdiek sortu duten presioaren ondorioz, Haurreskolak Partzuergoa gai honen inguruan negoziatzeko mahai negoziatzailea deitzera behartu genuen pasa den ostiralean (abenduak 14). Mahai horretan, alde batetik, langileak egonkortzeko bermerik gabeko LEP prozesu bat jarri zuen mahai gainean Partzuergoak. Eta bestetik, Lanpostuen Balorazio Batzorde bat sortuko zuela esan zuen Haurreskolak Partzuergoak soldata, kategoria, funtzioak, etab. definitzeko. Batzorde honetan
administrazioko 2 kidek eta langileen ordezkarien bi kidek hartuko lukete parte, hau da, sindikatu bat negoziaziotik kanpo geratuko litzateke.

Hainbat urtetan kudeaketa langileen lan baldintza eta egoera prekarioari irtenbiderik gabe igaro ostean, mahai negoziatzailean egindako planteamendu hauek langileekiko arduragabekeria eta errespetu falta izugarria izateaz gain, sindikatuon negoziazio kolektiboaren kontrako urraketa larria suposatzen dute, mahai negoziatzailean negoziatu beharreko gaiak Batzorde horretara bideratu nahi bait dituzte.

Haurreskolak Partzuergoari langile hauen lan baldintzak duinduko dituen proposamen serio bat mahai gainean jartzea exijitzen diogu, horrela izan ezean greba eta mobilizazioekin jarraituko baitugu. Hezkuntza Sailari eta Haurreskolak Partzuergoari, sindikatuon eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubidea ez urratzen jarraitzeko eta kudeaketa langileen lan baldintzen negoziaketa osoa mahai negoziatzailean burutu dadila eskatzen diegu.

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILEEN LAN BALDINTZA DUINAK NEGOZIATU!

STEILAS eta ELA sindikatuak