Aurtengo ikasturtean Nafarroan oposaketarik ez dela izanen Iribasek egindako adierazpenak ezagututa, STEE-EILAS sindikatuak desadostasuna ez ezik haserrea ere adierazi nahi du prentsa-ohar honen bitartez:

Azken lau ikasturteotan ez da oposaketarik izan Nafarroan (azkena 2011ko ekainean izan zen), eta horren ondorioz interinitate tasa gora doa etengabe, hainbat eta hainbat kasutan epe ertain-luzean hezkuntza projektuak arriskuan jarriz.

Maila pertsonalean honek suposatzen du ehunka interinok prekarietate laborala sufritzen segituko duela, bizitza projektua baldintzaturik dutela destino eta kontratu motagatik. Iribasen Departamentuak azken urteotan burutu duen murrizketa politikaren ondorioz lan baldintzak kaltetu zaizkie pertsona hauei, eta pertsonal finkoarekin alderatuta egoera baztertzailea eta arbuiagarria bizi dute: finikitoan udaberri eta neguko oporren egunak kentzen zaizkie, kontratuak ez dira uztail eta abuztura luzatzen, lanaldi partzial edo orduko kontratuak gero eta gehiago dira, profil zailak eskaintzen zaizkie…

Irakasleek, ikastetxeetan, eta sindikatuok ikastetxeetako egonkortasuna lortze aldera eskaintza publiko zabala egiteko deiari muzin egiten dio UPNren gobernuak.
Kontratazioetan politika murriztailearekin bukatzeko exijitzen dugu, ordezkatze tasa mugatzen duen legea bertan behera uzteko, azken urteotan galdu diren lanpostu guztiak ateratzeko , eta irakasleon lan baldintzak hobetzeko beharrezkoak diren bitarteko guztiak martxan jartzeko, etengabeko hondatzea izan baitute lan baldintzek.

Iribasi bere erabakia berriro pentsatzeko eskatzen diogu. Prentsan eginiko adierazpenen arabera “prest dago hitzordua eskatzen duen ororekin hitz egiteko” . Hitz hauek betetzeko desafioa luzatzen diogu Iribasi, Mahai Sektorialera etorriz sindikatuekin hitz egitera, azken urteotan ez baitugu berarekin hitz egiteko aukerarik izan.