Azken egunetan zenbait ikerketa lanek adierazi dutenaren arabera, Euskadiko hezkuntza sistema da estatuan ikasleak, beraien jatorriagatik, gehien segregatzen dituena. Madrilekoarekin batera, EAEko hezkuntza sistema da itundutako eskola pribatu -erlijiosoak ala ez- tasa altuena duena. Aldagai horrek eragin zuzena du segregazio tasan. Estatuko tasa altuenetarikoa izateaz gain, Europako itundutako zentro pribatuen tasarik altuenetakoa du EAEk.

Bada, hori horrela da Eusko Jaurlaritzan izan diren gobernu guztiek, EAJ edo PSE buru izan, eskola pribatuaren aldeko apustua eta politikak bultzatu dituztelako izan da. Gurasoen eskola hautatze sasi-askatasunean oinarrituta, eskola pribatuari alfonbra gorria ipini diote gobernu guztiek.

Eta, horretarako, hainbat tresna, trikimailu edota mekanismo erabili dituzte gobernu horiek. Ikastetxeen planifikazioa eta ikasleen matrikulazio prozesua, adibidez. Hain zuzen ere, gain-matrikulazioa. Ohikoa bihurtu da ikastetxe pribatuek administrazioak etapa batean baimendutako gela kopurua baino gehiago planifikatzea eta Lakuako ikastetxeen zuzendaritzatik ituntzen bukatzea lege-esparrutik kanpo. Baimendutakoak baino ikasle gehiagoren matrikulazioa onartzea dakar horrek. Hori guztia hezkuntza administrazioaren oniritziarekin. Hori horrela gertatzen ari dela baieztatzen duten dozenaka kasu daude EAEn, eta STEILASek auzitara eraman du horietako bat.

Matrikulazio prozesua baldintzatzen duen beste aldagaietako bat ikastetxe pribatuetan edo haiei atxikitutako haur eskola pribatuetan Haur Hezkuntzako 1.go zikloan matrikulatutako haurrei ikastetxean bertan eskola ibilbidea egitea bermatzen zaiela da, haurreskola publikoetan matrikulatutako haurrek Hezkuntza Sailak berak ezarritako onarpen-prozesuan parte hartu behar duten bitartean. Horrela “familiek duten ikastetxea aukeratzeko eskubideaz” baliatuta sare pribatuan eskainitako ziklo guztiz pribatu batek, zeinetan publikoak dituen baldintzak zertan bete behar ez diren, sarbide zuzena ematen die geroago itunduta eskainiko zaien hezkuntza zerbitzura sarbide iruzurti baten bidez. EAEko auzo eta udalerri guztietan gertatzen da hori, berdintasunean eman beharko litzatekeen prozesua izan beharrean.

Hortaz, Haur hezkuntzako lehen zikloan hasten da pribatizazio prozesua. Kasu askotan, auzoko, herriko… haurreskola publikoan plaza hutsak dauden bitartean diru-laguntza publikoak ematen zaizkio alboan dagoen eskola pribatuari, zerbitzua bikoiztuz, garestituz eta alferrikako soberakina eraginez. Gainera zenbait herritan, udalak zerbitzu horren kudeaketa lehiaketa publikoen bitartez esleitzen du eta zerbitzua esku pribatuetan geratzen da. Horrela, hezkuntza merkantilizatu besterik ez da egiten, diru publikoa enpresa pribatuetara bideratuz.

Haur Hezkuntzako lehen zikloan hasten den hezkuntzaren pribatizazio prozesua unibertsitatean amaitu eta, bertan, gailurra jotzen du. Ondo hornitutako UPV-EHU indartsua izan beharrean, nahitaezkoak beharko luketen baliabideez hornitu beharrean, EAJko agintariek -PSEren oniritziarekin- “Euskal Ekosistema Unibertsitarioa” asmatu dute unibertsitate publiko eta pribatuen arteko trataera berdintzeko. Hori gutxi balitz, Gasteizen beste behin diru publikoz babestuta egongo den beste hezkuntza negozio pribatu ganoragabe bat bultzatuko dute gure agintariek, EUNEIZ unibertsitatea alajaina. Horrek UPV-EHU ahuldu egingo du, agintarien babes osoarekin.

STEILASek urteak daramatza EAEko hezkuntza sisteman logika merkantilistei erantzuten dioten ikastetxe eta unibertsitateen artean dagoen lehia eta pribatizazioa salatzen, argi baitauka hezkuntza sistema dual horrek eskola-bereizketa areagotu eta gizarte-kohesioan arrakala eragiten duela. Garbi dugu ez dugula horrelako jendarte bat behar, nahi ezta merezi ere.

Osasun egoerak argi utzi du osasun publikoa, hezkuntza publikoa eta zaintza publikoak ezinbestekoak direla pertsonen ongizatea eta bizitzak babesteko.

Hori izan beharko litzateke jarraituko beharreko bidea okerrera ez baldin badugu joan nahi.