Euskadiko Eskola Kontseiluak EAEko Hezkuntza Legearen Aurreproiektuari buruz emandako irizpenak administrazioaren ordezkarien, patronal pribatuen eta enpresa-erakundeen ordezkarien aldeko botoak baino ez ditu izan. Aurreproiektua erretiratzea eskatuz, boto partikularra eman dugu STEILAS, CCOO, Baikara eta Bige-k.

Boto partikular honen sinatzaileok Euskadiko Eskola Kontseiluak 2022/10/20ko osoko bilkuran onartutako Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzari buruzko Lege Aurreproiektuari buruz emandako irizpenaren aurka gaude, ondorengo arrazoiengatik:

  1. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzari buruzko Legearen Aurreproiektuak ez die erantzuten euskal hezkuntza-sistemaren beharrei, eta ez dakar inolako aurrerapenik indarrean dagoen legearekiko. Egungo sistema duala blindatzera mugatzen da, euskal hezkuntza-sistemaren pribatizazioa azpimarratuz.
  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren Legearen Aurreproiektuak ez die erantzuten Euskal Eskola Publikoaren beharrei, eta ez du euskal hezkuntza-sistemaren ardatz bihurtzen.
  3. Lege-aurreproiektuak ez du kontuan hartu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzako Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzak egindako nahitaezko txosten juridikoa.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da lege-proiektua bertan behera uztea.