Euskararen Legearen aldaketaren inguruan STEE-EILASen prentsa-oharra
EUSKARAREN LEGEAREN ALDAKETAZ
STEE-EILAS sindikatuak pausu positiboa ikusten du Parlamentuan tramiterako onartu den Euskararen Legearen aldaketa proposamena. Aldaketa urria da, baina nafarrok bizi eta pairatzen dugun zentzugabeko hizkuntza zonifikazioa gainditzeko aro berri baten hasiera delakoan gaude.
Halaber, euren ingurutik at seme-alabak eskolaratu behar izan dituzten familientzako berandu dator aldaketa hau, bai eta D eredua ezarri ezinaren ondorioz ateak itxi behar izan dituzten herrietako eskolentzat ere. Herri txikietan berebiziko eragina eta garrantzia izanen du aldaketa honek.
Espero dezagun Administrazioak eta ikastetxeek behar bezalako publizitatea ematea eskaintza berri honi, eta matrikula garaian berariazko kanpainari ekitea familiek euren seme-alabak matrikula ditzaten Nafarroako bi hizkuntzen ezaguera bermatzen duen eredu bakarrean, atzerriko hizkuntzen gaitasunean emaitza onak erdietsi duena.
STEE-EILASek dei egiten die Nafarroako familiei D eredura hurbiltzeko eta seme-alabak matrikulatzeko sare publikoan eredu horretan, kalitateko izatea exijituz, parte-hartzailea, eta integratzailea, ahaztu gabe inguru horretan hizkuntza zaindu eta prestigioa eman behar zaiola.
Ezbairik gabe, Nafarroak berezko dituen bi hizkuntzen ezaguerak kohesio sozialean lagunduko du.
Iruñea 2014ko urriak 21.
Leave A Comment