Heziberri 2020 ez da gure hezkuntza sistema garatzeko tresna,
LOMCE ezartzekoa baizik
Gaur Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020ren curriculum dekretuen azken zirriborroa aurkeztu du. Hemen azaltzen garen eragileok argi utzi nahi dugu, urriaren 27an Hezkuntza Sailak aurkezturiko curriculum dekretu zirriborroak eta gaur ofizialki aurkeztu dituen hauek inola ere ez diotela gure hezkuntza sistemak dituen beharrei erantzuten eta Wert ministroaren hezkuntza erreformari aurre egitetik oso urrun, EAEn berau ezartzeko tresna direla, gure ikastetxeetan erreformaren eraso nagusienak ezartzeko bide emanez.
Eusko Jaurlaritzak 2013an, Heziberri 2020 martxan jarri zuenean, eredu pedagogikoa, euskal curriculuma eta Hezkuntza Lege berri baterako bidea ireki zuen, eragile guztion akordioa bilatzeko konpromisoarekin.
Hasierako plangintza izeneko dokumentuan Gobernuak hartu zuen konpromisoa irakur dezakegu: “Hezkuntza Sistema sendo eta zorrotza defendatzea, unean uneko aldaketa politikoetatik salbu, sistema egonkorra alegia, etengabeko erreformak alde batera utzita eta hezkuntza eragileen arteko akordioetan oinarrituta”.
EAEko Hezkuntza Sailak Heziberriren prozesua era parte hartzailean eta hezkuntza komunitateren babesarekin bideratuko zuela esan bazuen ere, ez da horrela izan. Ez du hezkuntza komunitatearekin benetako lanketa bat egiteko aukerarik eman, ez eta herri eragileekin ere, ez marko pedagogikoan ez curriculum dekretuan. Hezkuntzak herri baten garapenerako duen garrantzia aintzat hartuta eragile oro eta herritar ororen parte hartzea zabaltzea duen garrantzia baztertuz.
Aldi berean, Hezkuntza Sailburuaren hitzetan Heziberriren bidez hasieran gure hezkuntza sistemari Madrildik zetorren erasoaren aurrean babesa eman nahi bazitzaion ere (“Heziberri 2020, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta euskal hezkuntza eragile nagusiek, LOMCEren aurrean aho batez eta maiztasunez azaldu duten gaitzespenari aurre egiteko ekimena da.”) Azkenean LOMCE legea EAEko hezkuntza sisteman bateragarria izateko bide eman dio. Orain arte, Estatu Espainoletik Gobernu ezberdinek ezarritako lege ororekin gertatu den bezalatsu.
Etengabean etorriko diren legeei begira egotea baino, gure esparrura, gure herrira, gure hezkuntza, zer eta nola nahi dugun eztabaidatzen, ehuntzen, eraikitzeko garaia dela deritzogu.
Eta bide honetatik egun, zatiketa administratiboek eragindako esparruetatik eratorriko diren curriculum, lege edo dena delakoak Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioari ekarpena egitearen garrantzia azpimarratzen dugu.
Heziberri 2020ek:
-
LOMCEk hezkuntza sistema osoa zentralizatu, kontrolatu eta edukia nahiz pedagogia bere ere kontrolatzeko ezartzen dituen tresna guztiak onartzen ditu. Modu bereziki larrian estatuak kontrolaturiko ebaluazio orokorrak edo “errebalidak”.
-
LOMCEk ezarri nahi duen ikasleen segregazioa barneratzen du, DBHko 3. mailatik aurrera ibilbide akademikoa edo lanbide ibilbidearen baitako ikasgaiak ezarriz.
-
Egungo hizkuntza ereduen sistema gainditu eta ikasle euskaldun eleanitzak garatzeko ez du inolako urratsik ematen.
-
Irakaskuntzaren ikuspegi merkantilista curriculumean txertatua dago.
-
Euskal curriculuma, euskal nortasuna eta kultura ez da curriculumaren oinarri eta ardatz, espainiar estatuak ezarritako curriculumaren osagarri baizik.
Guk ordea, aurrez ere behin eta berriro esan dugun moduan, gure herriaren behar eta nahietan oinarrituta guztiz bestelako hezkuntza sistema eraiki nahi dugu:
-
Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasuna, ekitatea eta kalitatea oinarri dituena.
-
Euskal Herriarentzako curriculum propioa garatuko duena.
-
Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra ardatz duena.
-
Hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa izango duena.
Hau honela, ardatz hauek izango dituen curriculuma eta marko normatibo propioa garatzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.
Heziberri 2020ren baitan orain arte jarraituriko prozesua eta aurkeztu zaizkigun curriculum dekretuak kontrako norantzan doazela uste dugu. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Uriarte Sailburuari eskatzen diogu curriculum dekretu hauek erretira ditzala eta hezkuntza komunitateak nahiz euskal jendarteak behin eta berriro eskatzen dion benetako parte-hartzea, LOMCEri aurre egiteko bitartekoak eta gure herriak behar eta nahi duen hezkuntza sistema eraikitzeko prozesuak abian jar ditzala.
Gasteizen, 2015eko otsailaren 18an
ELA eta STEILAS
Leave A Comment