Iritzi Artikulua Steilasen zerrenden kudeaketa

STEILAS-EN PROPOSAMENA, HEZKUNTZAKO KONTRATAZIO-ZERRENDEN KUDEAKETAREN HARIRA

Iragan azaroaren 6an, Mendoza kontseilariak oposizio-deialdiaren berri eman zien sindikatuei. Orduz geroztik, askotariko gezur eta erdi egiak zabaldu dira komunikabide eta hezkuntza-zentroetan.

Plaza-kopuruari eta hizkuntza-eskakizunei buruzko eztabaida hauspotu ez ezik, harreman sindikalak lohitu eta irakasleak nahastu nahi izan dituzte zenbait sindikatuk, hain zuzen ere, zerrenda bakarraren esanahiaren harira, asmatutako ondorioak egin dituzte, steilas-ek behintzat ez baitu horrelako gauzarik irudikatzen zerrenda bakarraz pentsatzean. Paradoxaren gailurrera iritsi ginen, hain justu, sindikatu batek adierazi baitzuen, Sektore Mahaian presente egon ez arren, sindikatuen batasuna hautsia zela, zergatik eta mahai gainera ekarri zelako steilas-ek hainbat urtez sustatu izan duen aldarrikapen bat, bidezko aldarrikapena dela iritzita.

Gero, sinadura-bilketa birtual bat egin dute, ezagutzen ez duten proposamen baten harira, eta, gainera, bi alderdi nahastuz: batetik, oposizio-prozedura eta bestetik kontratazio-zerrenden kudeaketa. Beren argudioek ez dute inongo zerikusirik steilas-ek egiatan proposatzen duenarekin.

Bi alderdiok lotuta daude, 60/2009 foru-aginduak ezartzen duen inposaketaren bidez, zeina, sindikatuek, bere garaian, errefusatu egin baitzuten, eta grebak deitu ere, hainbat egunetan, abian jarri ez zedin. Administrazioak araudi hori bultzatzen du langileak kontratatzeko prozesua errazten baitu, beren iritziz. Ezin uka eraginkorra denik, baina ez zaigu justua iruditzen, azkenengo oposizio-deialdian lortutako emaitzekin erabat lotuta baitago, ezin baita zerrendetara modu askean sartu eta derrigorrezko egiten baitu kontratu prekarioak onartzea, bazterketa saihesteko. Ondorioz, iragan irailean, sindikatu guztiok, aho batez honako honetan ere, baldintza bat ezarri genuen, 2016ko balizko oposizioa babestuko bagenuen: negoziazioak abiatzea, bitarteko irakasleak kontratatzeko gaur egun indarrean den kudeaketa-eredua aldatzeko. Honako aldaketa hauek proposatu genituen: zerrendak irekitzea, meritu berriak sartu ahal izatea eta horiek berriz barematzea, eta kontratuei uko egin ahal izatea, gaur egungo legediak biltzen ez dituen egoera jakin batzuetan. Azkenik, eskatu genuen zerrenden ordena ez zedila soil-soilik azkenengo oposizioetako emaitzen araberakoa izan.

Azken puntuaren harira sindikatu guztiak ez datoz bat, erabat zilegi den moduan, eta, hortaz, Sektore Mahaian adostu beharko da. steilas-ek argi dauka: kontratazio eta oposaketen arteko harremana eten nahi dugu. Nafarroa aitzindari izan zen sistema hori ezartzen, UPN gobernuan zela. Sistema hori berehala kopiatu zuten PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek, eta, gaur egun, autonomia-erkidegoetako gobernu askoren kolore politikoa aldatu denez, sistema hori berrikusten ari dira. Adibidez, Aragonen bertan sistema berrikusten ari dira; bertan PSOE da nagusi, Podemosen babesarekin. Valentziako Erkidegoan ere berrikusten ari dira, han ere PSOE baitago gobernuan.

Testuinguru horren barruan, zer da kontratazio-zerrenda bakarra? Bada, hain zuzen ere, izenak zehazten du izana: zerrenda bakarra, irakasleen kidego bakoitzerako. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako bat, eta Bigarren Hezkuntza eta Heziketa Profesionalerako beste bat. Zerrenda horietako pertsonak puntu-kopuruaren arabera zerrendatuko lirateke, alegia, merituen baremoan lortutako puntu-kopuruaren arabera (horren harira, steilas-ek proposamen zehatz bat dauka, afiliatuen batzordean adostua). Zerrenda horretan, pertsona bakoitzak urtero egiaztatuko lituzke, borondatez, bere hizkuntza-profilak, gaitasunak eta egindako ikasketen arabera irakats litzakeen alorrak. Argi dago: euskarako edo beste hizkuntza bateko C1 profila duten pertsonek badakite gaztelaniaz ere (gaur egun gertatzen den moduan). Gure proposamenean, gaztelaniazko profila egiaztatzea borondatezkoa izango da. Borondatearena azpimarratu nahi dugu, izan ere, gaur egungo zerrenden kudeaketaren ondorioz, ingeleseko profila daukaten hainbat pertsona derrigortuta baitaude, de facto, ILP programetan lan egitera, hala nahi ez badute ere.

Zenbait pertsonak eta sindikatuk gaur egungo zerrenden kudeaketa-sistema aldarrikatzen dute, nahiz eta bereizi egiten dituen, batetik, euskaraz dakiten pertsonak, eta, bestetik, euskaraz ez dakitenak. Hala ere, zerrenda bakar hori egon badago, neurri batean behintzat: ingeles, frantses eta alemaneko zerrendetan. Gaztelaniako zerrendetan, I, F edo A profila daukatenek (ingeles, frantses eta alemana), aukera daukate hala hiru hizkuntza horietako plazetan nola gaztelaniakoetan aritzeko. Praktikan, atzerriko hizkuntza bat dakiten pertsonen egoera aitortzen da; aitzitik, Nafarroako bertako hizkuntza bat ezagutzen dutenei ukatu egiten zaie eskubide hori. Eta zerrenda bakarraren aurka daudenek ez dute txintik esaten.

Azken batean, steilas-ek apustua egiten du diskriminazioarik gabeko zerrenda-kudeaketa baten alde, etengabe irekita dagoen zerrenda baten alde, pertsona gehiagok izan dezaten aukera bertan izena emateko. Egiaztagiri berriak, meritu berriak txerta daitezkeen zerrenda bat, lan-aukerak zabaltzeko. Ez dugu ezein talde lehenetsi nahi, pertsonen gaur egungo eta etorkizuneko gaitasunak balioan jarri baizik. Gure nahia da bitarteko irakasleak berak aukera dezala, ahal den neurrian eta zerrendako kokapenaren arabera, zer alorretan eta hizkuntzatan lan egin nahi duen urte horretan. Kudeaketa hori askoz gardenagoa da, eta, gainera, langileak ez luke lanpostu zehatz bat onartu behar, baldintza jakin batzuen pean, desio duen alorrean sekula lan ez egiteko beldurrez.

Administrazioak, 2009az geroztik, gure asmo guztien aurka egin du, kontratazioen erraztasuna lehenetsiz, langileen eskubideen kaltetan. Proposamen honek, aldiz, bi alderdi horiek uztartzen ditu: justizia eta eraginkortasuna.

Irakasle guztiekin konpartitu nahi dugu proposamen hau, eta baita ekarpenak jaso ere, hobetzeko. Horregatik, asanbladak egingo ditugu laster, Nafarroako hainbat tokitan.