steilas: komunikatua_hauteskundeak_direla_eta [pdf]

Hauteskunde kanpaina berezi baten ostean, bertan da jada botoa emateko eguna. Hautagaitza bakarra egon denez ez da, zoritxarrez, ia eztabaidarik egon Nekane Balluerkak eta bere taldeak proposatu diguten Unibertsitate programaren gainean. Ez da ezta ere egon unibertsitatearen gainean egon badauden ikuspegi ezberdinen arteko konfrontazio, kontraste edo eztabaida egiteko aukerarik.

Hautagaitzaren ikastetxez ikastetxeko aurkezpenekin eta azaroaren 18ko Klaustro bereziarekin konformatu behar izan dugu programaren kontraste minimo bat egiteko. Eta aitortu behar da hautagaitzaren programak argilunak baditu ere, ez dela lanerako oinarri txarra eta konbentzimendu eta indar handia erakutsi duela Nekane Balluerkak haren defentsan.
Edozelan ere, egoera hau ez da ona unibertsitatearentzat. Eztabaida ezak ez dio batere onik egiten UPV/EHUri. Are gehiago, interes korporatiboen gotortzea eta interes publikoari gailentzea ekar dezake epe ertainera. Edo deslegitimazio joko bat bihurtzea berez proposamen ezberdinen arteko ezbaia, klarifikazioa eta hautaketa izan beharko litzatekeena.

Hartara, batzuek boto zuriarekin jolastuko dute, ez kritika egin eta bere posizioa argitzeko baizik eta Nekane Balluerka eta bere proposamena ahultzeko. Adierazgarria izan zen, haatik, klaustroan galdera bat bera ere egin ez izana hainbat erakundek, normalean euren ahotsa nabarmentzen saiatzen direnean ia beti.

Are adierazgarriagoa eta kezkagarriagoa izan da, ordea, ikasle talde batek konfrontazio ideologikoa baino beste mota batzuetako aurrez-aurrekoak lehenetsi izana. Boikota eta iraina ez dira jokabide onargarriak eta gaur egun ez dute inongo zentzurik gure unibertsitatean. Zoritxarrez, badirudi jarrera haiek segida edukiko dutela hauteskunde egunean bertan ere. Eta beldur gara tentsio giro honetan edozer gerta daitekeela datozen urteetako lana eta ikasleekiko harremana baldintzatuko duena, denon kalterako.

Horregatik, arduraz jokatu beharra dagoela iruditzen zaigu eta hala ibiltzeko eskatzen dizuegu guztioi. Botoa eman ala ez da garrantzi gutxiko erabakia izango testuinguru honetan. Izan ere baliteke azkenean damutu behar izatea beste batzuen boto zuriari balioa emango dion abstentzioarekin arinki jolasteagatik.