[Zer eskatzen diogu Errektoregaiari? [pdf]]
Nekane Balluerkak UPV/EHUko errektoregai izateko erabakia hartu du. “Garai berri bati hasiera emateko nahiarekin” aurkezten dela iragarri du, “proiektu eta ideia berriak aurkeztuz, UPV/EHUk aurrean dituen erronka handiei guztion artean aurre egin ahal izateko. Eta gogo hori “Nuestro futuro, ahora / Geroa, denon artean” leloetan laburtu du.
UPV/EHUren etorkizuna, steilasentzat, ildo nagusi hauetatik eraiki behar da.
Unibertsitatearen izaera publikoaren gaineko erabateko konpromisoa.
Hautagai honi eskatzen diogun lehenengo gauza, aurkeztuko zatekeen edonori eskatuko geniokeen bezalaxe, unibertsitate publikoaren defentsa irmo, gogor eta baldintza gabekoa da.
Ez du erraza izango hautagaiak. Publikotasunak ez ditu garai onenak bizi ez Europan ez Euskadin. EAEko gaur egungo gobernua ez da nabarmendu irakaskuntza publikoarekiko atxikimenduagatik. Badirudi bestelako ikuspegi eta lehentasunak dituela irakaskuntzaren arloan.
Ez dadila hautagaia gure herriko botere faktikoak gozatzeko tentazioan, pentsatuz horrela errazago lortuko dituela unibertsitate publikoak merezi eta behar dituen baliabideak. Ez dadila konfrontazioaren beldur izan, beharrezkoa bada. Publikotasunaren defentsan beti izango gaitu bere ondoan.
Irakaskuntza eta ikerkuntza kalitatezkoak, lan-baldintza txukunetan, bultzatzen dituen unibertsitatea.
Hatzamar batekin eguzkia ezin estali daitekeen bezala, nazioarteko ranking-ek ezin ostendu dezakete EHU/UPV-ko irakasle-ikertzaileen zati handi batek bizi duen lan-egoera penagarria. Amildegia zabaldu da goikoen eta behekoen artean unibertsitateko elkarbizitza eta etorkizuna kaltetzen ari dena. Ezagutzen genuen Unibertsitatea, aldiberean zena ezagutzaren erreferentzia, lantoki eta elkarrekiko proiektu, gainbeheran datorkigu. Gero eta handiagoak dira burokrazia, lehia, antsietatea eta egonezina, batez ere batzuon, ahulenen artean.
Egia da Espainiako Gobernuak ezarritako birjarzte tasak eragin zuzena izan triskantza irakasle eta ikertzaile gazteenen karrera akademikoaren triskantzan eta, ondorioz, baita haien lan baldintzetan ere. Baina ez da ahaztu behar, bestalde, gaur egungo araudi autonomikoak, nahikoa ez izanagatik ere, irakasle eta ikertzaileen bizi baldintzak gozatzeko balia daitezkela. Izan ere, ez baita Madril irakasle ez iraunkorrek bosturtekoak kobratzea galarazten duena, ezta osagarrien deialdiak oztopatu eta haien eragin ekonomikoak atzeratzen dituena ere.
AZPko langileak aintzat hartzen dituen unibertsitatea.
Giza kapital hori aintzat hartuko duen unibertsitatea, merezi duen neurrian baloratuko duena eta lan baldintza duinak bermatuko dizkiona. Askotan entzun diogu egungo Errektoreari eta baita hautagaiari ere kexuka AZPren identifikazio eskasarekin UPV/EHUrekiko, baina…
… zaila da %60tik gorako prekarietate indizea eta soldata murriztuta eta izoztuta duen plantilla instituzioarekiko konprometituta sentitzea…,
…. zaila da promozio eta ibilbide profesionala egiteko aukerarik ez duen plantilla proiektu komun baten parte delako ilusioarekin egunero joatea lanera…,
… zaila da egunero kilometro ugari egitera behartuta dagoen langile ugariz ostatutako plantilla, aukerarik gabe inoiz etxetik gertuagoko campus batera lekualdatzeko, lantokiarekin identifikatuta sentitzea…
… zaila da bere zereginen definizioan eta antolamenduan eragiteko hain ahalmen gutxi duen plantilla, ez dena behar bezala baloratua eta aintzat hartua sentitzen proiektu baten parte izatea.
Euskal Herrian errotutako Unibertsitatea.
Euskal Herri askeagoa, bidezkoagoa, feministagoa, euskaldunagoa eta solidarioagoa eraikitzeko abangoardia den unibertsitatea behar dugu.
Ez dugu botere ekonomiko eta politikoei men egiten dien unibertsitate bat nahi. Unibertsitate burujabea nahi dugu, independentzia bermatzen dion finantziazio nahikoa duena, eta beldur barik bide berriak jorratzeari ekingo diona, talde ekonomiko handien interesetatik aparte. Gure unibertsitateak proiekzio zabala eta gizartean agerpena ere izan behar du, gizarteari jakintza, ideiak eta ekimenak zabalduz jendeak bizi, lan, gozatzen, sufritzen eta amesten dituen eremu guztietan.
Euskara merezi duen lekuan jarriko duen unibertsitatea, non euskara lan tresna normalizatua izango den, non irakasle eta ikertzaile elebidunak, alegia, euskaldunak, ez diren etengabe (auto)itzultzen ibiliko. Derrigorrezkoa da gaur arteko hizkuntza politikak ausardiaz berritzea; jauzi kualitatiboak ematen hasteko garaia da. Euskal Herriaren eta Euskal Herrirako unibertsitateak ezin ditu egiturazko huts tarteak izan euskarazko irakaskuntzan. Ikasketa plangintzetan beste hizkuntza batzuen sarrera ezin da arlo honetan atzera egiteko aitzakia izan.
Genero Berdintasuna gako duen Unibertsitatea.
Nahi dugunaren isla izango dena. Pertsona guztiontzat askatasunez, konfidantzaz eta segurtasunez lan egiteko tokia izango dena. Unibertsitateko helburu nagusienen artean emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasun eraginkorra bultzatuko duena, sexu aukera guztiak onartu eta babesteko dituena, eta LGTB kolektiboekin arlo guztietan elkarlanean arituko dena.
Gizartearekin konprometitutako unibertsitatea.
Bikaintasuna xede hartzekotan, edo modu integralean hartzen da, edo ez dago hartzerik ezta lortzerik. UPV/EHU-k ezin ditu lan-baldintza penagarriak babestu esentzialak diren lanetarako egiten diren kontratazioetan. Mugatu ditzagun kanpo-kontratazioak bene-benetan beharrezkoak diren kasuetara. Tamalez, amaitzear dagoen agintaldi honetan begien aurre-aurrean azaldu zaigu lanaren prekariazioaren adibiderik gordinena: azpikontratatutako langile baten heriotza. Nahitaezkoak diren azpikontratazioak egon daudela onartuta, horietan premiazkoa da giza klausulak txertatzea, halako gertakizun samingarririk izan ez dezagun berriz. Euskal Herrian sendo sustraitutako UPV/EHU, adarrak lau haizeetara hedatzen, hedatuko dituena. Mundu zabalak sufritzen dituen zaurien aurrean sentiberatasuna eta konpromisoa erakusten duena, erdeinatuen bizi direnenekikoa bereziki: migranteak eta errefuxiatuak. Elkartasun- eta salaketa-ekintzak bultzatuko eta babestuko dituen unibertsitatea, injustizien eta injustizia horien sortzaileen aurrean isilduko ez dena, jaioterritik ehunka eta milaka kilometrora sakabanatuta dauden euskal presoak kasu. Gizarteari begirako ekintzetan erakutsiko duena bere talaia ahots kritiko salatzaileei eskaintzen diela, ez bakarrik diru-babes zukutsuak mahaigaineratzen dituztenei.
Denona eta denontzat izango den unibertsitate publikoa.
Nolanahi ere, argi daukagu EHU/UPV gure unibertsitatea dela, eta beraz denon artean eraiki eta zaindu beharrekoa, dela elkarlanean dela diskrepantzia zintzoan, baina betiere legitimitatez eta begirunez jokatuta modu batean edo bestean proiektu hau posible egiten dugunon aurrean: gizartea, aginte-organoak, ikasleak, eta, nola ez, bertako langileak. Hortaz, errektoregaiak esakizun eta balio hauen araberako proiektuaren aldeko apustua egiten badu, bere aldamenean izango gaitu datorren azaroaren 25etik aurrera.
Leave A Comment