Abenduaren 9ko mahai negoziatzailean Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak Kudeaketa langileen lan baldintzen negoziazioan emandako atzerapausu larria ikusita, eta LAB sindikatuak pasadan ostegunean alde bakarrez, STEILAS eta ELA sindikatuekin kontatu gabe, eta langileen gehiengo zabalaren babesik gabe erregistratutako hilabeteko greba deialdia ikusirik, abenduaren 18an, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskoletako Kudeaketa langileekin batzarra burutu genuen. Bertan, kolektiboaren gehiengoak langileekin adostu gabeko greba deialdiarekiko haserrea plazaratu zuten.

Greba deialdiaren babes falta eta langileen haserre giroan, Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak hilaren 23rako Mahai Negoziatzaile baterako deialdia egin ziguten atzo, gai ordenak puntu bakarrekoa izanik: Kudeaketa arloko proposamena.

STEILASek eta ELAk, mahai guztietan egin dugun bezala, kudeaketa langileak borroka abian jartzera bultzatu zituzten aldarrikapenen gaineko proposamen integrala exijituko dugu, eta ez dugu kolektibo honen egoera prekarioa, lan zama eta ezegonkortasun kronikoa betikotuko duen proposamenik onartuko.

Egoeraren larritasuna ikusita, LAB sindikatuari interes propioak alde batera uztera, Kudeaketa Langileen gehiengoak burututako urte beteko borrokari babesa ematea eta bai langile eta baita gainontzeko sindikatuekin ere zintzotasunez jokatzea eskatzen diogu.

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILEEN LAN BALDINTZA DUINAK NEGOZIATU!!!

Euskal herrian, 2019ko abenduaren 20an.