45 urte bete dira gaur martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik, eta gaur “bizitza erdigunean” leloak hartzen du zentzurik handiena.
45 urte dira erregimen frankistak aldaketa sozial, politiko eta laborala bilatzen zuten 5 langile erail zituela. Pedro María, Francisco, Romualdo, José eta Bienvenido. 45 urte geroago, borroka horrek bere horretan dirau, herri honek ez dio egun bakar bat ere antolatzeari utzi, ezta “kapitalismo” izeneko pandemia mundialaren aurka borrokatzeri utzi ere.
Kapitalismo heteropatriarkalak ankerkeriaz jokatzen du pertsona zaurgarrienekin. 2008az geroztik, nabarmen egin du gora pobreziak Euskal Herrian; gaur egun, 50.000 pertsonak baino gehiagok aurre egiten diote krisialdiari pobrezia-egoeran.
Bizitza hobe baten bila dabilenari mugak ixten jarraitzen dute , ondasun material mota guztiak zirkulatzeko, inolako oztoporik gabe, zabalik ditugun bitartean. Hondamendi klimatikoa areagotzen doa, gero eta gehiago dira aldaketa klimatikoak bultzatuta migratzera behartuta daudenak. Fenomeno hori iparraldeko herrialdeek sortzen dugu, baina hegoaldeko herrialdeek pairatzen dute.
Indarkeria matxistak ez du etenik, egiturazkoa da. Sistema patriarkalak emakumeoi eta sexu-genero arauarekiko disidenteak garen pertsonoi esleitu nahi digun mendeko lekuan mantentzeko duen moduetako bat da. Generoaren araberako soldata-arrakala hainbat funtzio betetzen dituen sistemaren beste tresna bat da: emakumeok egindako lanei balioa kentzea, gure soldatak bigarren mailakoak balira bezala, lanaldi partzialak eta behin behineko kontratuak emakumeoi ezartzea, zaintza-lanak gure gain har ditzagun lan-merkatutik kanporatzea…
Pandemia horrek argi utzi digu gure sistemak zein gutxi zaintzen dituen gure zaintzaileak. Mugimendu feministak denbora luzez salatzen zuena azaleratu da. Sistema honetan gehiago balio du torloju batek jendea zaintzea baino. Ez zaio inolako baliorik aitortzen zaintza-lanari; lan hori, batez ere, emakumeek egiten dute, eta, nabarmenago, emakume migratuek. Lan-eskubide gutxi edo batere eskubiderik ez duten emakumeak. Greba honen helburua zaintza-lana eta lan hori egiten dutenek jasaten duten prekarietatea ikusaraztea da. Zaintza-sistema publikoa eskatzen dugu, haren kudeaketa esku pribatuetan eror ez dadin, ezta funts putreen esku ere. Hezkuntza arloan, Haurreskolak Partzuergoko kideak ere greban daude, euren lan eskubideak eta pribatizaziorik gabeko sistema publikoa defendatzen. Greba horien helburua bizitza erdigunean jartzea da, guztiok, pertsona guztiok, gure bizitzako uneren batean zaindu behar baikara, interdependenteak eta ekodependenteak garelako. Zerbait funtsezkoa bada, zaintza da.
Osasun krisiak bere alderik gogorrena erakusten jarraitzen du. Euskal Autonomia Erkidegoa estatu bat balitz, munduan heriotza gehien izango lituzkeen estatua litzateke. Hilabeteotan ikusi ahal izan dugunez, interes ekonomikoak eta kontsumismoa dira nagusi pertsonen osasunaren gainetik.
Horregatik, orain inoiz baino gehiago elkarrekin egon behar dugu, borroka kolektibo bat behar dugu, egiturazko murrizketak eginez eta oinarrizko eskubideak urratuz langileria prekarizatzeko bizi dugun testuinguruaz baliatu nahi duten enpresak aurrez aurre jarriko dituena. Horregatik guztiagatik, orain inoiz baino gehiago, kalitatezko zerbitzu publiko baten alde borrokatu behar dugu, pentsio duinak eta lan-baldintza duinak aldarrikatu. Orain, inoiz baino gehiago, bizitza erdigunean jarri behar dugu.
1976ko martxoaren 3 horretan borrokatu ziren pertsonen alabak eta bilobak gara, trantsizio faltsu hartako grebalarien ondarea gara, eta ondare horrek prekarizaziori, murrizketa sozialei, kutsadurari eta gazteen kriminalizazioari aurre egiteko borrokan jardutera bultzatu behar gaitu, gaurko borroka etorkizuneko belaunaldientzako lorpenak dira.
Ezin dugu ekitaldi hau amaitu haiekin, hasieratik borrokan egon ziren eta oraindik ere zutik dirauten pertsonekin, Jesús Fernández Naves bezalako pertsonekin edo duela 45 urte zaurituak sendatzen eta zaintzen aritu ziren osasun-langileekin gogoratu gabe, eta gaur egun osasun publikoa aldarrikatzen jarraitzen dute, martxoaren 3ko zorigaiztoko hartan kaleak bete zituzten milaka grebalariak bezala, elkartasuna erakutsi eta eskuak odolez zikin zituen Estatuaren ankerkeriak salatu zituen langile klasea bezala. Memoria gara, ondare antifaxista haren alabak, seme-alabak, bilobak gara.
Gora martxoak 3!
Gora borroka feminista!
Gora langileon borroka!
Leave A Comment