HEZKUNTZAKO TXERTAKETA PLANAREN INGURUKO INFORMAZIOA BEHAR DUGU

Aurreko asteazkenean, otsailaren 24an, Hezkuntza Sailak bilera batera deitu gintuen sindikatuokin txertaketa planaren buruzko informazioa partekatzeko. Osakidetzak emandako informazioa guri helarazi zigun arren, zalantza asko argitu gabe gelditu ziren.

Europar Batasunak lehentasun taldeak antolatu ditu eta hezkuntzako langileen artean hurrenkera hau ezarri zuen: txertoa lehenengo Haur Hezkuntzako langileei, Heziketa Premia Bereziekin lan egiten dutenei eta jangelan lan egiten dutenei eskainiko zitzaiela adierazi zuen.

Lehenengo Ikastetxe Publikoak izango direla esan ziguten, bigarrenik pribatuak eta azkenik 0-3 zikloko eskola publiko zein pribatuak. Guztiak dagokien Mutuaren bitartez, baina hurrenkera hori ez da betetzen ari.

STEILASen iritziz, musukorik gabeko ikasleekin lan egiten duten irakaskuntzako langile guztiek izan beharko lukete lehentasuna, eta, jasotako plan horretan, ez da horrela adierazten.

Bestalde, Hezkuntza Publikoko ikastetxeetako langileak Mutualiaren bitartez txertatzen hasi dira; pribatuan, ordea, Osakidetza ari da txertaketa kudeatzen. Ez al da egoera hori guztiz kontraesankorra? Zein da horren guztiaren arrazoia? Prozesu horretan gardentasun falta larria sumatzen dugu, eta, ondorioz, azalpenak nahi ditugu.

Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileei dagokienez, ezin dugu besterik gabe pasatzen utzi lehentasunezko azken taldean egotea egokitu zaiela. Kontuan hartuta hezitzaile horiek musukoa erabiltzen ez duten haurrekin lan egiten dutela eta horiekin kontaktu estua izatea funtsezkoa dela, neurriak hartzea eta txanda lehenestea eskatzen dugu. Are gehiago kontutan hartzen badugu iazko ikasturte amaieran geletara itzultzen lehenak izan zirela.

Amaitzeko, 55 urtetik gorako langileen egoera eta langile zaurgarrien lehentasuna ahalik eta azkarren argitzea eskatzen dugu, kolektibo horiek ere oso kezkatua daude-eta.

STEILASek zerbitzu publikoen garrantzia azpimarratu nahi du beste behin. Kasu honetan, Osakidetza erakusten ari da mutuak baino eraginkorragoa izaten ari dela txertaketa plana aurrera eramaterako orduan; horrek, ezinbestean, beste behin ere, zerbitzuen pribatizazioa zalantzan jartzera eramaten gaitu eta osasun zerbitzu bakar eta publikoaren beharra dagoela nabarmen ikustarazten du