Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako EPEa egiteko behin betiko datak

Gaur, martxoak 23, Hezkuntza Sailak sindikatuoi jakinarazi digu zeintzuk izango diren 2019-2020tik atzeratu den Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako EPEa egiteko behin betiko datak. Idatzizko probak 2021eko ekainaren 19 eta 20an izango dira eta ahozko probak irailaren 6tik aurrera egingo dira. STEILASetik salatu nahi dugu erabaki honek ez duela irtenbiderik aurreikusten bizi dugun osasun larrialdiak sor ditzakeen eragozpenak saihesteko, hau da, ez ditu konfinatuta dauden pertsonen eskubideak bermatzen.

Horretaz gain, gogorarazi nahi dugu orain arte EPEaren inguruan hartutako erabaki guztiak aldebakarrekoak izan direla, eta hein handi batean sindikatuaren iritziaren kontrakoak, azken hau barne. Beraz, berretsi nahi dugu egun Hezkuntza Sailak hartu duen erabakia orain arte hartutako beste erabakien ondorioa dela, hortaz, Administrazioaren erabakia eta ardura da bere osotasunean, ez sindikatuekin negoziaturiko prozesu baten ondorioa. Gure aldetik berriro ere eskatzen diogu Hezkuntza Sailari prozesua gauzatzeko osasun berme guztiak jar ditzala baita konfinatuta daudenen eskubide legalak berma ditzala ere.