Azken egunetan, Jokin Bildarratzek, Hezkuntza Sailburuak eta Haurreskolak
Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria denak, hedabideetan maiz esan
du hezkuntza zentroetan izurritearen ondorioz sortutako ordezkapenak betetzen ari
direla. Adierazpen horien aurrean STEILAS sindikatuak zera adierazi nahi du:
Momentu honetan kontraesan handia dago COVIDari aurre egiteko protokoloaren
betekizunaren eskatze mailaren, langilearen bizkar gainera zamatutako lan kargaren
eta hezkuntza administrazioaren kudeaketaren artean.

Hezkuntza zentroetara irakasle ordezkoak heltzen ari diren baieztapena zuzena bada
ere, ez da egia hezkuntzako langileak garen kolektibo guztietan ordezkapenak
bermatzen ari direnik.
Haurreskolak Patzuergoan, ordezkapenak ez dira betetzen ari. Badakigu enpresak
haurreskolak zabalik mantentzeko helburuarekin hezitzaileak, lan hitzarmenean jasota
dagoenaren kontra, aparteko orduak egitera behartzen ari dela, ordezkoak aurkitzen
ez omen dituelako. Gainera Haurreskolei jakinarazi zaie “…egoerak hoberantz
nabarmen egin duenez, poliki-poliki, COVID errefortzuei dagokienez, hartutako
neurriak zentro guztietan malgutzen joango direla..” horrek lan karga eta eragiten
duen kaltearekin.

Heziketa Bereziko Hezitzaileen sektorean ere ikasgeletarako itzulera langileen bajaz
beteta egon da, eta, nahiz eta egoera hori oso aurreikusteko modukoa izan,
Administrazioak ez du aparteko neurririk ezarri. Gainera, ikasturte hasieratik salatzen
dugun bezala, hezkuntza ordezkaritzetako langile-falta nabarmena da eta pertsonal
arloak bunkerizatu egin dira, egungo kaosa areagotuz.

Ondorioa, lehen egunetik betetzen ez diren bajak ez ezik, batzuetan, astea gainditzen
duten bete gabeko ordezkapenak; beharrik ez dagoen ikastetxeei gaizki esleitutako
ordezkapenak, langile ordezkoa eguna, dagokion soldata eta puntuaketa galtzera
eramanaz. Eta bitartean, lanez erabat gainezka dauden eta ikasleen beharrak behar
bezala asetzera iristen ez diren langileak. Kolektiboak artatzen dituen ikasleak
aniztasun funtzionalekoak dira, hezkuntza premia bereziak dituztenak eta zoritxarrez,
askotan, zaurgarrienak eta mendekotasun handienekoak. Eta, tamalez, ikasle hauek
dira, kudeaketa kaxkar honen biktima nagusiak.

STEILAS sindikatuak Hezkuntza zentro guztietan eta Haurreskolak Patzuergoan
hezitzaile nahiz irakasleen ordezkapenak lehen egunetik betetzea eskatzen du.
Horretarako beharrezko baliabide guztiak jartzea eta kudeaketa lanetarako ere behar
diren baliabide teknikoak eguneratzea exijitzen du, orokorrean langileak pairatzen ari
diren lan karga estrekin amaitzeko eta familiek, ikasleek zein haurrek merezi duten
hezkuntza zerbitzua jasotzeko.