Ez gaude ados EAEko Legebiltzarrean onartzear dagoen Hezkuntza Itunaren zirriborroarekin. STEILAS sindikatuaren iritziz, txostenak dakartzan ondorioak larriak dira, gure gizartearentzat orokorrean eta hezkuntza publikoarentzat zehazki, albiste honetan azaldu genuen bezala.
Pasa den martxoaren 4an amaitu zen txostenari ekarpenak egiteko epea. Gaur, martxoak 7, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak antolatutako elkarretaratzean hartu dugu parte. Legebiltzarrean elkartu gara goizeko 9:00etan, bestelako hezkuntza akordioa behar dugula aldarrikatzeko. Hemen plataformak luzatutako mezua:
Euskal Eskola Publikoaz Harro” Topagunean ez gaude hasierako txostenaren planteamenduarekin ados: gure sistemak dituen arazo larrienak segregazio ekonomikoa eta euskalduntzea dira.
Balizko Akordioa eta Legea sare publikoa lehenetsi ordez sistema duala mantentzera badatoz, titulartasun ezberdineko ikastetxeak parekatuz, ez dugu lege berririk nahi.
Ukaezina da segregazioaren eta sare bikoitzaren artean dagoen lotura, ikasleen banaketa guztiz desorekatua da bi sareen artean.
Euskara guztiok babestu beharreko ondarea da, bere ezagutza ikasle ororen eskubidea eta kohesio sozialerako tresna izanik, gaurko egoerak ez gaitu asetzen eta euskarazko murgiltze linguistikoaren eredua orokortzea eskatu behar dugu.
Euskal Eskola Publikoa ardatz izango duen akordioa lortu behar dugu. Bide luzea dugu gure aurrean, dei egiten diegu zerbitzu publikoen aldeko, eta, zehazki, hezkuntza publikoaren aldeko eragile eta pertsona guztiei prozesuan parte hartzeko eta behar dugun Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzeko.
2022eko martxoaren 7an
“EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO” TOPAGUNEA
Gaiari lotuta:
EAEko hezkuntza itunari egin dizkiogun emendakinak aurkeztu ditugu
Hezkuntza itunak dakartzan ondorioak larriak dira, adi mobilizazioetara!
Programa-kontratuak: lortutako emaitzetan oinarritutako zuzkidura
Hezkuntza itunaren oinarrietan aurrerapausorik ez
EAEko Hezkuntza-itunaren ponentziaren lehen balorazioa egin dugu
Leave A Comment