STEILAS, AFAPNA, ELA eta UGT sindikatuek, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eskubide guztiak bere horretan mantenduko dituen negoziazio prozesu bati ekiteko eskatu diogu Hezkuntza Departamentuari.

Gaur, martxoak 23, Senatuko osoko bilkurak Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko Lege Organikoaren proiektua eztabaidatu eta bozkatuko du. Lege berri horrek Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen arazoa konpontzeko aukera ematen zuen. Baina badirudi lege berria onartuko dela zuzenketarik onartu gabe, eta unibertsitateko gradurik ez duten LHko irakasle teknikoak lanik gabe geratuko direla.

Orain arte, irakasle tekniko horiei unibertsitateko gradua edo goi-mailako teknikariaren edo teknikari espezialistaren titulua eskatu zaie. Gainera, zenbait espezialitatetan, irakaskuntza horiek emateko prestakuntza teknikoa nekez eskaintzen dute unibertsitateek, eta, beraz, ezinbestekoak dira goi-mailako titulazio teknikoa edo teknikari espezialista duten irakasleak.

STEILAS, AFAPNA, ELA eta UGT sindikatuek eskatzen dugu irakasle horiek alde batera ez uzteko, eskatutako baldintza guztiak beteta sartu baitira Funtzio Publikoan, eta, kasu askotan, irakaskuntzan sartzeko beharrezkoa den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa eskuratzen ari baitira gaur egun. Era berean, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu lehenbailehen has dezala negoziazio-prozesu bat, bere hezkuntza-eskumenak erabiliz, irakasle teknikoen eskubide guztiak bere horretan mantentzeko eta Lanbide Heziketaren beraren hezkuntza-kalitateari eusteko.

Bestetik, LOMLOEk hamaikagarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, unibertsitateko titulazioa duten irakasle teknikoak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzen dira. Urte eta erdi geroago, Hezkuntza Ministerioak xedapen hori ez gauzatzeaz gain, ez du hura garatzeko prozesua hasi ere egin.

Beraz, honako hau eskatzen dugu:
1. Unibertsitateko titulazioa duten LHko irakasle guztiak berehala sartzea Bigarren Hezkuntzako Kidegoan.
2. Sindikatuekin negoziazioak hastea irakaskuntzarako titulazio baliokideak zehazteko.
3. Kidego honetako irakasleen diskriminazioari ez; lan berdina, lan-baldintza eta baldintza profesional berdinak.
4. Hezkuntza-kalitatea gure Lanbide Heziketan. Gogorarazi nahi dugu enpresan eskuratzen diren trebetasun teknikoez gain, ikasle guztiek ikastetxeetan eskuratzen dituzten hezkuntza-gaitasunak ere behar direla: ikasten ikastea, gizarte-erantzukizuna eta herritarren konpromisoa, teknologiak erabiltzeko trebetasunak, autonomia eta ekimen pertsonala… Horregatik, hezkuntza-ziklo guztiak ezin dira DUALera pasatu, Lanbide Heziketaren etorkizuneko araudian planteatzen den bezala.

STEILAS-AFAPNA-ELA-UGT

Iruña, 2022ko martxoaren 23a