Joan den ostiralean, administrazioak bilera batera deitu gintuen, energia aurrezteko neurrien eta erretiroen akordioaren inguruan.

Gerentziak jakinarazi zigun zentro-itxierari eutsiko zaiola abuztuan eta, STEILASek hala iradokita, adituen batzorde bat eratzea aztertuko dela, energia aurrezteko neurriak bilduko dituen plan bat egiteko. Aztertu beharreko neurrien artean, ikastetxeak ixteko ordua eta larunbatetan irekitzea egongo lirateke.

STEILASen guztiz kontziente gara arazo hori benetakoa dela, denok pairatzen baitugu gure etxeetan eta, horregatik, jarrera konstruktiboa izango dugu eta gerentziari gure ekarpenak bidaliko dizkiogu irtenbide eraginkorrak bilatzeko. Gainera, plan baten beharra azpimarratzen jarraituko dugu, ez baititugu egokiak ikusten azken neurri inprobisatuak eta testuingurutik kanpokoak.

Erretiroei buruzko akordioari dagokionez, gerentziak jakinarazi zigun aurreko akordioa salatzen duela eta, beraz, beste akordio bat negoziatu beharko dela, une horretara arte oraingo akordioak indarrean jarraituko baitu. Akordio berria uztailaren hasieran hasiko da negoziatzen eta STEILASek zain dago administrazioaren proposamen zehatza ezagutzeko.