Eusko Jaurlaritzak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura eta irizpideak arautzen dituen Dekretua aurkeztu du. Horren arabera, diru publikoz ordaindutako ikastetxe guztiek plazak erreserbatu beharko dituzte ikasle zaurgarrienentzat. Honen bidez, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihestu nahi du Hezkuntza Sailak.
STEILAS sindikatutik adierazi nahi dugu neurri honek ez duela egun dugun egoera konponduko, eta dekretu hau LOMLOEren aplikazio hutsa dela. Segregazioaren jatorria egun dugun sistema duala bera da, ikerketa guztiek azaltzen duten moduan. Hori aldatu ezean, ezingo da kohesio soziala bermatuko duen sistema publiko-pribaturik garatu, horrelakorik ez baita existitzen. Ikasle zaurgarrien banaketa ez da, beraz, segregazioari eragiten dion alderdi bakarra, eta horri aurre egiteko bestelako neurriez ere baliatu beharko litzateke sistema.
Denok dakigun bezala, baldintza soziekonomikoak bizimoduan eta egunerokoan du eragina. Hori horrela, dagoneko hein batean aplikatzen den neurri honekin maiz gertatzen dena da hurrengo urteetan ikasle zaurgarri horiek ikastetxe publikoetara bueltatzen direla. Ez dezagun ahaztu legalak ez diren kuotak modu askotan ere kobratzen direla, izan garraioa, ikastetxeko materiala, irteerak…
Kataluniak eskola segregazioaren aurka hartutako neurriak aipatu ditu Eusko Jaurlaritzak, ikastetxe bakoitzak zenbat leku gorde beharko dituen erabakitzerako orduan, bertan erabilitako eredu bera jarraitzeko asmoa baitute hemen ere. Eredu hori, bestalde, ez da baliagarria EAErako, hemengo eta hango egoerak ezin direlako inondik inora ere alderatu. Edonola, ezin ahaztu dezakegu, esperientzia honek katalunian izandako balorazioa ez dela batere ona izan.
Horrez gain, eskabideak aurkezteko epean, familiek nahi beste ikastetxe adierazi ahal izango dituztela ere jasotzen du Dekretuak. Gainera familiek ikastetxea askatasunez hautatzeko aukera ez dute galtzen, 2018ko dekretuko xedapen gehigarriak ez dituztelako indargabetu.
Hori dela eta, STEILAS sindikatutik berresten dugu segregazioarekin amaitzeko hartu beharreko pausuak beste bide batetik doazela, publifikazio progresiboaren bidetik, hain zuzen ere, Euskal Eskola Publikoaren indartzearekin batera. Bitartean, neurri hauek gizartea lasaiarazteko eta entretenitzeko konponbide faltsuak baino ez dira, jatorriz segregatzailea den egitura konpontzeko partxeak. Ikasle guztiek denona eta denontzat den joko-eremu berean egon beharko lukete.
Leave A Comment