Martxoaren 21ean ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok prentsaurreko bat eman genuen. Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu genuen, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten.
Hori dela eta mobilizazioetara jotzeko erabakia egin genuen publiko. Martxoaren 23an elkarretaratzea egin genuen Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Eta egun osoko greba daukagu deituta apirilak 25erako.
Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.
Prentsaurrekoa baino bizpahiru egun lehenago, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat ere aurkeztu genien. Bertan, negoziaketarako gure borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen baten inguruko proposamena mahai gaineratzeko eskatu genien.
Gaur gaurkoz ez dugu patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere. Patronalen inmobilismo honen aurrean, ezinbestekoa da erantzun irmo bat ematea Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen aldetik.
Ostegun honetan, apirilaren 20an, ordezkarien elkarretaratzea gauzatuko dugu goizeko 11.00etan sektoreko patronal nagusia den Kristau Eskolak Donostian daukan egoitzaren aurrean. Eta Apirilak 25ean, datorren Asteartean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileok grebara deituak gaude!!
Sindikatuok sektoreko langileak greba gauzatzera eta egun horretarako Bilbon antolatuko dugun manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu. Autobusak antolatuko ditugu, beraz zuen ikastetxeetako ordezkariekin jarri harremanetan izena lehenbaitlehen emateko!! Manifestazioa goizeko 11.00etan Jesusen bihotzetik aterako da eta Arriaga plazan amaituko da.
Patronalek ozen entzun behar dute jadanik bere mobilizaziorako gaitasuna erakutsi duen kolektibo honen ahotsa eta aldarrikapena!!
Euskal herrian 2023ko apirilaren 17an.
Leave A Comment