Harridura eta kezka handiz jaso dugu LABek Hezkuntza Sailari mahai sindikala deitzeko eskatu izana, haiek aldez aurretik eta alde bakarrez adosturiko edukien gainean negoziatu ahal izateko. Langileen lan-baldintzak negoziatzeko eremu zilegia aspaldi deitu gabe dirauten mahai sektorialek osatzen dute, bertan negoziatu behar dira, esate baterako, sektore guztietan iraungita dauden lan-hitzarmenak. Esparru horretan langileek aukeraturiko sindikatu guztiok parte hartu dezakegu dagokigun ordezkaritza errespetatuz. Hezkuntza lege berriak egungo sistema duala mantenduko badu, STEILASen ustez mahai sindikal horrek ez du inolako zentzurik, funtsean bi sareen negoziazio kolektiboa bateratzea dakarrelako.

Hortaz, LABek eremu berri bat sortu nahi du zeinetan dena nahasten den; publikoko, pribatuko eta azpikontrataturiko langileen eskubideak negoziatu nahi ditu Hezkuntza Legearen markoan. Esparru hori hezkuntza politikaren inguruan aritzeko aproposa izango litzateke Sailak hori negoziatzeko borondatea izango balu, baina hezkuntza sistema orokorrean publifikatzeko bide bakarra ere ireki ez den honetan, zer zentzu du guztion lan-baldintzak mahai berean negoziatzeak? STEILASentzat argi dago honen bitartez Hezkuntza Legeak sortu nahi duen eta itun sozialik ez duen “Hezkuntza Zerbitzuari” bultzada bat eman nahi diotela EAJk eta LABek, horrela, langileon lan-baldintzak interes politikoen mesedetarako erabiliz eta sektore bakoitzaren negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz.

Begi-bistakoa da mahai sindikal horretan ezer gutxi negoziatu daitekeela. Esate baterako, sektore bakoitzean neurri zehatzak hartu ezean ezin daiteke plantillak mantentzea adostu, hori ezinezkoa da. Horretarako neurri bat gelen itxiera saihestea izango litzateke, baina argitaratu berri duten planifikazio dekretuak ez du hori jasotzen. Beste neurri bat ratioak jaistea edo baliabide gehigarriak txertatzea litzateke, baina hori dagoeneko maiatzaren 26an irakasle ez unibertsitarioetan lortu genuen. Horrez gain, lanpostu asko estruktural bilakatu ahalko lirateke oposizioen bidez, baina hori ere mahai sektorialetan negoziatu dugu eta ez da borondaterik egon.

Beraz, STEILASen ez gaude prest eduki hutsak eta esaldi lausoen inguruko adostasunak irudikatzeko Hezkuntza Sailari babesa emateko. Horri gehitu behar zaio bakardadean adostu den abiapuntu horren xehetasunak ezezagunak direla. Negoziazioa sektore bakoitzean eman behar da, hori delako legeak agintzen duen eremua. Bakoitzaren ordezkaritza errespetatu behar da eta sindikatu guztion iritzi eta ekarpenak jaso behar dira. Argi dago, mahai sindikal deituriko horrek Hezkuntza Zerbitzuari zentzua eman nahi dion negoziazio markoa baino ez dela, zuriketa ariketa bat besterik ez.

Baditugu negoziaziorako eremuak, borondatea da falta dena, deigarria da momentu zehatz honetan Hezkuntza Sailak lau haizetara adieraztea bere negoziaziorako borondatea. Ez gaitzaten nahastu, orain borrokatzeko momentua da, azken urtetan Sailak etengabe murriztu baititu gure eskubideak. Horregatik guztiagatik, hain zuzen ere, ez da argazkiak eta akordioak oparitzeko unea, orain borrokatzea dagokigu, argi dago ez digutela beste biderik utzi. Gure asmoa ez da bakarka joko arauak jartzea, borroka hori gauzatu ahal izateko batasun sindikala bilatzea baizik, langileek eta gure lan-baldintzek hori merezi dute eta.