Joan den larunbatetik hona, indarkeriak gora egin du, lehendik gerra egoera etengabean murgilduta zegoen Palestinako lurraldean. Israelgo Estatu Sionistak Palestinaren aurkako erabateko gerra deklaratu izanak Gaza erabat suntsitzea, gerra-krimen kontaezinak, langile palestinarren hilketak (baita Israelgo estatuaren baitan ere) eta gizateriaren aurkako hamaika urraketa suposatzen ari da.

Indarkeriaren zurrunbiloa ez da gauza berria Palestinan, eta azken 75 urteetan, bere lurraldearen kolonizazioaren eta bere herritarrei apartheid sistema inposatzearen ondorioz etengabekoa izan da. Gatazkaren zifrek bere horretan hitz egiten dute: 5’9 milioi Palestinar errefuxiatu bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatuak, 5.000 preso politiko baino behiago, horietarik ehunkada haurrak direlarik, de facto zeru zabaleko kontzentrazio eremu handiena den Gazaren kontrako 16 urtetako blokeoa eta bonbardaketa etengabeak, langile palestinarrentzat checkpoint gizagabeak eta lan baldintza prekarioak nahiz esplotazio orokorra, palestinarren lurren lapurreta, eguneroko razziak palestinarren etxeetan, emakume palestinarren bortxaketak nahiz haurren kontrako jazarpenak, eta herri oso baten umiliazioa. Hau da gerra espirala etengabe elikatzea suposatzen duen errealitate gordina.

 


Palestinak elkartasuna behar du, baino batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinako herriak amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik da hain garrantzitsua denbora gehiegi irauten duen gatazkari konponbidea bilatzea. Zentzu honetan, ireki daitezkeen bide diplomatikoek, lehenengo pausu bezala Palestinarren genozidioarekin bukatzea eta bahitutako pertsonen askatasuna lortzea behar-beharrezkoa da.

Horregatik, sindikatuok Israeli bere hondamendi politika eta Palestinarren lurren okupazioari behingoagatik bukaera ematea exijitzen dugu. Baldintza honetatik abiatuta, nazioarteko komunitatearen babesarekin elkarrizketa eta negozio bati bide ematea eskatzen dugu, Nazio Batuen ebazpenen errespetuan oinarrituko dena, eskualdean bakea eta egonkortasuna bermatuko duen irtenbide integral bat bermatuko duena, eta Palestinar estatu baten zilegitasuna aitortuko duena, zeinak palestinarren bizitza duin baterako eskubidea bermatuko duen.

Ankerkeria honekin bukatu beharra dago, eta hortaz giza eskubideak urraketekin konplizitate oro desagertzea eskatzen dugu. Langile klaseari Israel presionatzeko eskura dituen mekanismoak aktibatzea eskatzen diegu, Nazio Batuen ebazpenak onartu ditzan eta eskualdean bake nahiz egonkortasun agertokia lortu dadin.

Hortaz gain, erakundeei apartheid-arekin, gizateriaren kontrako krimenekin eta Palestinak pairatzen duen genozidioarekin konplizeak izateari utz diezaiotela exijitzen diegu.
Bukatzeko, manifestu hau sinatzen dugun sindikatuok, langile klasea, ostegun honetan urriak 19-an, eguerdiko 12:30etan Iruñeko Udaletxe Plazan eta Bilbon Eliptika Plazan egingo dugun elkarretaratzean eta hemendik aurrera parametro hauetan eta palestinar herriarekin elkartasunez deitu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.

 

Deitzaileak: CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, LKN-CGT Euskadi, EHNE, ESK, Etxalde, HIRU, LAB eta STEILAS.