Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuaren aginduak milaka langile greba eskubiderik gabe uztea du helburu.

Horretaz gain sindikatuok salatu nahi dugu Eusko jaurlaritzak greba bezperan argitaratu duela agindua greba eskubidearen urraketen aurrean, hauen aurkako bide juridikoa oztopatzeko.

Martxoaren 12ko greba eguna otsailaren 13an egin genuen publiko ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok. Greba erregistro formala orain dela hamabi egun, zehazki otsailaren 29an.

Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzak gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua martxoaren 8an argitaratu eta jakinarazi du. Greba deialdia publiko egin genuenetik hilabete igaro da eta formalki erregistratu genuenetik 8 egunetara. Agindua ostiral batean eta greba egunaren bezperan argitaratu du beraz, lan egunei erreparatzen badiegu. Hau gainera langileon ordezkari eta grebaren deitzaile garen sindikatuokin inolako aurretiazko bilerarik edota kontrasterik egin gabe.

Portaera hau ohiko bihurtu da Lan delegaritzarentzat. Zerbitzu minimoen aginduak greba egunen bezperetan argitaratzen ditu sistematikoki, eta garai batean sindikatu deitzaile eta administrazioekin gauzatzen zen audentzia fasea gauzatu gabe.

Martxoaren 12rako aginduak, urrian eta abenduan egindako greba egunetarako ezarritakoak baino zerbitzu minimo handiagoak ezarri ditu, arrazoibide eta motibazio nahikorik azaldu gabe.

Sindikatuok larunbatean aurkeztu genuen aginduaren aurkako demanda EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta bertan neurri kautelar gisa agindua bertan behera uzteko eskaera gauzatu genuen milaka langileri greba egiteko eskubidea ez ukatzeko. Auzitegiak, greba egunaren aurretik epaia ez aurreratzea erabaki du, greba eskubidearen urraketaren inguruko erabakia prozesu guztia gauzatutakoan ematea ebatziz.

Sindikatuok salatu nahi dugu greba eskubidearen aurkako urraketen aurka bide juridikoa edota bestelako ekintzak gauzatzeko aukerak zapuztea eta gero eta langile gehiago greba eskubiderik gabe uzteko asmoa dagoela jarrera honen atzean.

Izan ere, zerbitzu minimoen aginduetan gero eta zerbitzu minimo handiagoak ezartzen doa Jaurlaritza poliki poliki; greba eskubidea hustuz eta langile publiko gero eta gehiago grebarako eskubide gabe utziz. Osakidetza edo hezkuntza bezalako sektoreetan gutxieneko zerbitzuek milaka langile greba eskubide gabe uzten ditu, lan egun arruntetan lanean dagoen langile kopurua bermatzen ez duen bitartean, greba egunetarako langileen 100%a lanera joatera behartuz gutxieneko zerbitzu gisa. Martxoaren 12ko grebari dagokionez, pauso bat gehiago eman du Jaurlaritzak greba eskubideraen urraketa honetan eta hezkuntza publikoko hezitzaile guztiak greba eskubiderik gabe utzi nahi ditu.

 

Euskal Herrian 2024ko martxoaren 11an