Prentsa Oharra: Oposaketa prozesu honek ez du gainditzen

OPOSAKETA PROZESU HONEK EZ DU GAINDITZEN

2018ko azterketen emaitzek sortu duten ezinegona dela eta STEILASetik honako hausnarketa hau plazaratu nahi dugu

Lehenik eta behin, inposaturiko oposaketa eredu honekin ez gatoz bat, izan ere, irakasleen trebetasuna ezin da prozesu memoristiko inpertsonal baten bidez ebaluatu, irakaskuntza azterketa hauetan ezin froga daitezkeen gaitasun anitzen konbinazioa baita. Horregatik, STEILASen langileei egonkortasuna emateko beste aukera batzuk erreklamatu izan ditugu.

Argi dago urtero emaitza desberdinak izaten direla aurkezten den jendearen baldintzen baitan, baina aipagarria da bi urtez behin oposaketak izateak honelako desorekak areagotzen dituela. Hori horrela izanda, oraingoan plaza kopuru handia eman gabe geldituko dela aurreikusten da, lanpostuen % 25 gutxi gora behera. STEILASen argi dugu emaitza txar hauek arrazoi desberdin asko dituztela, eta hauetan esanguratsuena, egin diren oposaketa hauen garapen desegokia . Horregatik, honako hau exijitzen diogu hezkuntza sailari: azterketak baztertzaileak ez izatea, gaitegiak eta curriculumak berritu ditzatela, zuzenketa eta errebisio prozeduraren gardentasuna bermatu dezatela.

Horretaz gain, gogorarazten dizuegu tribunalkideak lan zama eta estres handia jasaten ari direla eta hauen lan baldintzak egokiak izatea ezinbestekoa dela beraien lana behar den bezala betetzeko. Edonola, jasotako emaitzarekin ados ez egonez gero erreklamazioa jartzea gomendatzen dugu.

Bukatzeko, gogorarazten dizuegu jasotako emaitzarekin ados ez egon ezkero erreklamazioa jartzea komeni dela, horren ondoren eta zerrendak behin-betiko bilakatzen direnean hilabete bateko epea dago gorako helegitea jartzeko. Horrek ere hiru hilabeteko epean etekinik emango ez balu azken aukera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea litzateke, bi hilabeteko epean.

Honegatik guztiagatik, argi dago badela garaia administrazioak aipaturiko guztia langileen ordezkariekin negoziatu dezan oposaketa prozedura zilegi eta errealistagoa izan dezagun.

2018-09-10T12:25:22+00:002018 uztaila 11 |Albisteak, EAE, Prentsa Oharrak, Publikoa EAE|

Leave A Comment