GIZARTE EKIMENA- NEGOZIAZIO MAHAIAREN LABURPENA

Atzo, maiatzak 11, Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen beste mahai paritario bat egin zen, hitzarmena sinatu ondoren konpondu gabe geratu ziren kontuak negoziatzeko.

Hitzarmena apirilaren 14an argitaratu zen EHAAn. Kristau Eskolak eta AICEk atzo jakinarazi ziguten lan gatazka prozesu bat hasi dutela tutoretza-osagarria arautzen duen 65. artikulua aurkaratzeko. Patronalek ez dute sinatutakoa bete nahi, eta ez dute haur hezkuntzako lehen zikloan eta Lanbide Heziketan tutoretza ordaindu nahi. STEILASek negoziatutakoa eta hitzartutakoa defendatuko du azken ondorioetaraino.

Ondoren, alderdi bakoitzak 2021erako soldata-proposamena aurkeztu zuen. STEILASek, sindikatu gehienekin batera, kategoria guztietarako % 2ko igoera aldarrikatzen dugu, 2009 eta 2020 artean galdutako erosteko ahalmenaren zati bat berreskuratzen jarraitzeko. Kristau Eskola eta AICE, 2021erako kontzertu modulua % 2 igo den arren, ez daude soldatak igotzeko prest eta aurten soldatak izoztea proposatu dute.

Lanbide Heziketari dagokionez, hitzarmenaren 4. eranskinean, patronalek bi kontu negoziatzeko konpromisoa hartu zuten: 2020/21 ikasturterako Lantokiko Prestakuntzako 6 orduen banaketa koordinatzailearen eta tutorearen artean eta desdobleen aplikazioa . Ikasturtea amaitzen ari da eta Kristau Eskolak eta AICEk ez dute sinatutakoa bete nahi. Atzo esan zuten ez daudela ez bata ez bestea negoziatzeko prest. STEILASek tresna guztiak erabiliko ditu alderdi horiek hitzarmenean arautzeko, diru publikoarekin finantzatuta daudela aintzat hartuz .

Bestalde, patronalek nahiago dute heziketa-zikloetako bigarren mailetako eskola-orduen banaketa irregularra hitzarmenean ez arautzea, baina negoziatzeko prest daude, eta 26-29 eskola-orduko tartea proposatzen dute, argi utzita ez liratekeela konpentsatuko dagozkien ordu osagarri guztiak. STEILASetik ezin dugu proposamen hori onartu, eta uste dugu posible dela zentzuzko gehienezko ordu kopurua eta konpentsazioa arautzea, egun ikastetxe batzuetan egiten den bezala.